Gaurkoan Patxi Ruiz euskal preso politikoak bere hamaikagarren eguna betetzen du gose eta egarri greban, eta bere egoerari buruzko beste albisterik ez ba dute eman, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak bere aldarrikapenen berri eman dute. Kartzelak ospitalera eramatea proposatu dio, baina Patxik uko egin dio eta auto judizial baten ezean ez dela ospitalera joango esan du.
Ohar baten bidez, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren aurkako mugimenduak Patxi Ruiz euskal preso politikoa egiten ari den grebaren aldarrikapenak zabaldu ditu.
"Urte hauetan zehar pairatu duen tratua eta, bereziki, Murcia II-ko kartzelan jaso duena kontutan izanda, Patxik kartzelak egoera honetan duen ardura asumitzea eta bere integritate fisikoaren segurtasuna bermatzea exijitzen du", dio talde honek. Zuzendariak, medikuak eta hainbat kartzelariek presoekiko duten jarrera salatzea eta bertan behera uztea, hau da, mehatxu, jipoien eta irainen bukaera ere eskatzen du Txantreako presoak.
"Argi uzten du bere borroka politikoa dela eta bera bizirik ateratzeko baldintza gisa, Euskal Herrira lekualda dezaten exijitzen du, eta berarekin batera gainontzeko euskal preso politiko guztiak ere", dio oharrak. Horretaz gain, beste antolakunde batzuetako preso politikoak, Euskal Herrikoak ez direnak, euren bizitokietara eramatea ere eskatzen du Ruizek.
Amaitzeko Patxi Ruizek "bere maitasun guztia adierazi nahi die zutik dirauten borrokalariei, baita borrokara eraman zituzten printzipio eta idealak tinko mantentzen ari diren EPPK-o horiei ere", eta "besarkada estua eta bere eskerrik beroena" helarazi nahi die Euskal Herria "astindu eta babesa erakutsi dioten" pertsona guztiei.