Mugarik gabeko elkartasuna: 36 migrante pasa ziren Irunetik Hendaiara Korrikarekin
http://www.ekinklik.org/eu/ultimas-coberturas/1394-#sigProId8718a7ade6
Pasa den martxoaren 14an, Korrikak Irun eta Hendaia arteko bidea egin behar zuela aprobetxatuz, Afrikatik etorritako 36 pertsonek zeharkatu zuten Santiago zubia dozenaka lagunen konplizitatearekin, bertan ezarritako muga administratiboa gaindituta. Horietako batzuek Frantziar Estatuko hiri ezberdinak zituzten helmuga, eta beste batzuek Baionan kokaturiko Pausa migratzaileen harrera gunera jo zuten babes bila. Ekimen hau publikoki egitea erabaki dute harrera sareetan biltzen direnak.
Harrera elkarteak, sindikatuak, alderdiak.. Orotara 20 bat eragilek adierazpena publiko egin dute gaur goizean Irunen joan zen martxoaren 14an burutu zuten desobedientzia zibileko ekimenaren gaineko ardura hartzeko.
Egun horretan, Korrikaren 23. edizioa Irundik abiatu zen handik Euskal Herrian gaindi hamar eguneko zeharkaldiari bide emateko. Irun eta Hondarribia artean ibili ondoren, Lapurdira igaro zen euskararen aldeko lasterketa Santiago zubitik.
Harrera elkarteek harturiko kilometroa bereziki jendetsua izan zen. Ibaiaren alde bietan, jendez lepo zegoen zubia.
Jende multzo horren babesean han eta hemen migratzaileak ikusi ahal izan ziren, haietako batzuk Korrikaren petoa jantzita. Denak irribarrea ahoan.
Inguruan, babesle anitz izan zituzten, eta haien laguntzaz sarritan haien bidaia jarraitzeko traba izanen den muga ahal izan zuten jai giroan gainditu.
Gaur goizean, Santiago zubiaren metro gutxitara, Ficoba erakusazokaren atarian, agerraldi jendetsua egin dute migratzaileen eskubideen alde etengabeko mobilizazioa daramaten eragileek.
Euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz adierazpena irakurri dute, azken urteetan migratzaileen eskubideak bermatzea aldera eginiko lana oroitarazteko.
Etorkizun hobe baten bila muga gainditu nahian hil diren bederatzi herritar izan dituzte gogoan.
Horrekin batera, azkenaldian eginiko desobedientzia ekimenak aletu dituzte.
2022ko azaroaren 1ean Avenida zubia oztopatzen zuten burdin-hesiak kentzeko ekintza sinbolikoa burutu zuten.
Iazko uztailaren 22an, berriz, Behobiako zubian frantziar Poliziak duen kontrol postua afixez estali zuten, hala Parisko Gobernuari Europar Batasuneko barne muga hori ireki dezala galdetzeko.
Mobilizazio horien osteran hainbat aldaketa eman badira ere, «etorkinak gero eta arrisku gehiago hartzera bultzatzen dituzten kontrol arrazistek» jarraitzen dutela salatu dute, pertsona migranteak eskrupulurik gabeko sareen eskutean uzten dituen migrazio politika fermuki arbuiatuz.
Pertsona guztientzat eskubide berdinak aldarrikatu nahian, joan zen martxoaren 14an, hainbat boluntariok 36 migratzailerekin zeharkatu zutela muga jakitera eman dute. Zehaztu dutenez, «desobedientzia zibileko ekintza horren bitartez, pertsona horiei Baionako bidea segurtatu genien, haien harrera bertan ziurtatuz».
Ekintzaren helburuak
Ekintza horrekin «Europa Gotorlekuaren immigrazio politika errepresiboa» salatu nahi izan dute Irunen «Harrera Herri Harro» leloa ezarria jarria zuen mahaiaren bestaldean azaldu diren herritarrek.
Horrekin batera, «mugak behin betiko irekitzea eta bereziki Irun eta Hendaia artean dagoen zubia bezalako guztiak irekitzea» galdetu dute.
«Inor ilegala ez denez eta eta denok eskubide berdinak izan beharko genituzkeela» sinetsita, immigrazio politikak «errotik aldatzea» eskatu dute, era berean hori gertatu arte «immigrazio politika gizatiarrago eta justuago baten alde» lanean jarraitzeko engaiamendua berrituz.
Finean, agintari publikoei «ahalik eta baliabide gehien erabil ditzatela harrera baldintza duinak eta seguruak bermatzeko eta nahi duten guztiei hemen edo beste leku batean bizitzen uzteko» eskaera zuzendu diete.